Haurtzaroko Oinarrizko Curriculum-Diseinuak (OCD) iharduera-oinarri eta metodologi estrategia orokor batzuek proposatzen ditu. Abiapuntu baliagarria da benetan, aztergai dugun arazoaren komunikazio-alderdiak garatzeko: haur autisten edo bestelako garapenaren nahaste orokortuak dituztenenak, hain zuzen. Haurtzaroko OCD hiru esparrutan dago antolatuta. Komunikazioak eta Irudikapenak osatzen dute lehenengoa eta komunikazio-alderdi guztiak hartzea du helburu, bai hitzezko lengoaiari lotutakoak eta baita hitzezkoak ez diren bestelako komunikazio-erak ere. Hainbeste adierazpen-era sartzen dira esparru horren baitan, hala nola, gorputz-lengoaia, keinuen bidezkoa, hitzezkoa, musika bidezko adierazpena, gorputz-komunikazioa, adierazpen artistikoa, ikusmen bidezko komunikazioa etab. Norbanakoaren eta ingurunearen arteko harremanak hobetzen laguntzea du esparru honek helburu. Hainbat komunikazio-era, keinu, hitz... erabiliz, haurtzaroan zehar komunikazioaren eta harremanen arloko trebetasunak garatu nahi ditugu.
Haurtzaroan, ikuspegi zabal batetik bideratzen da Komunikazioaren esparrua, ezin baitiegu hitzezko komunikazioari eta emaitzei bakarrik begiratu, komunikazioa gauzatzen den prozesu guztia hartu behar da eta kontuan. Haurrak keinuen, begiraden edo hitzen bidez komunikatzen direnean, komunikaziokide baten edo batzuen arteko komunikazio-elkarreraginen eremuan gauzatzen da komunikazioa, eta lengoaiaz kanpoko testuinguru edo errealitate jakin batean da sortzen. Komunikazio-prozesu guztietan ondorengo funtsezko osagaiak hartzen dute parte:
-Komunikaziokideak edo gure mezuaren hartzaileak.
-Egoerak, une jakin batean (iraganean, orainaldian edo etorkizunean) eta leku zehatz batean (hemen, hurbil, urruti...) egokitzen direnak.
-Pentsaera-prozesua edo komunikazioaren edukina lantzea.
-Komunikazioaren helburua edo komunikazio-mezua besteari helarazteko asmoa.
Haur autistek edo bestelako garapenaren nahaste orokortuak dituztenek bai prozesuan edo gainerakoei zerbait komunikatzeko asmoan bai azken emaitzean alterazioak dituztela kontuan hartuta, garapen pertsonalerako eta gizarteelkarreraginerako aukerak eskainiko dizkien komunikazio-estrategien garapena areagotu egin behar da. Ondoren, helburu horiek lortzen lagunduko diguten metodologi eta antolamenduzko inplikazio orokor batzuek aipatuko ditugu.
No hay comentarios:
Publicar un comentario