domingo, 14 de diciembre de 2008

Zein izan daiteke eskola-erantzuna?

Haur autistek gainontzeko haur txiki guztien oinarrizko premia berberak dituzte, baina badituzte beste hezkuntza-premia berezi batzuek ere. Hau da, beraien hezkuntza-egoerari zenbait egokitzapen egin behar zaizkio ikaskuntza eta gainerakoekiko gizarte-harremanak bultzatzeko. Haur autisten zailtasunik nagusienak komunikazioaren eta gizarteulermenaren esparruan daude kokatuta, hau da, zaila egiten zaie gainerakoen mundua ulertzea. Ildo honetan, hainbat estrategia garatu behar da nahitaez, batzuek espezifikoak eta beste batzuek gainerako ikasleekin ere orokorrean erabiltzeko modukoak. Horrela, komunikazioa eta ingurunearen ulermena ahalik gehien suspertuko dira.

Komunikazio-alterazioak

Aurrerago aipatu dugunez, haur autistek, oro har, hitzezko lengoaian nahiz hitzezkoa ez den lengoaian komunikazio-narriadura kualitatiboa agertzen dute.Haur txikien komunikazio-garapenaren jarraipideak kontuan hartuz gero, aurreko kapituluan aipatu dugunez, hitzezkoa ez den komunikazioa txili-txikitatik dago alteratuta. Ondorengo alterazioak ikusten dira:
Komunikatzeko asmoa. Orokorrean, ez dute izaten komunikatzeko interesik eta ezta besteek hasitako ekintzei erantzuna ematekorik ere. Haurrak komunikazioari ekiteko edo eusteko interesa duela jakinaraziko diguten adierazleak oso gutxitan ikusiko dira, eta ez dira gainera hitzezkoak izando (aurpegiaren espresioa, keinuak...).
Komunikazio-keinuen erabilera funtzionala. Komunikazio-nahaste larridun ikasleek alterazioak dituzte seinalatzerakoan, zerbait lortzeko eskutik heltzerakoan eta antzeko komunikazio-keinuen bidez zerbait ulertarazi nahi dutenean. Nahastea oso larria izanez gero, ez dute inolako keinurik egiten edo, eginez gero, testuinguru desegokietan eta lortu nahi duten komunikaziohelburuaz bat ez datozela burutzen dituzte.
Begiradaren erabilera eta kontaktu bisuala, edonolako komunikazio-ekintzatan garrantzia handikoa izaki, dugu alteratutako beste alderdi bat. Zaila egiten zaie komunikaziokideari begira-begira egotea, ez dute aurrez-aurre begiratu nahi izaten eta urrunera begiratzen dute. Ez dute komunikazioari ekiteko aukerarik ematen, eta norbaitek zerbaiti arretarik txikiena ere jartzea galeraziegiten dute.Hitzezko lengoaia lantzera iritsi diren haurrek beranduago garatzen dituzte, oro har, bai hitzezko lengoaia eta baita lengoaiaren alderdi funtzionalak eta pragmatikoak ere. Hau da, lengoaiaren ulermena eta erabilera alteratuta egoten dira harreman-testuinguruaren baitan. Behar besteko mintzamen-gaitasuna dutenean, honakoak izaten dituzte ezaugarri: ekolalia edo besteek esaten dutena oihartzun gisa errepikatzea, izenordeak aldatzea edo nahastea eta hitzak, esaerak edo elkarrizketak errepikatzea.

lunes, 8 de diciembre de 2008

Irudimen-alterazioak

Haur autisten edo bestelako garapenaren nahasteak dituztenen irudimengaitasuna narriatu egiten da, horien iharduera-eredua eta adin bereko haurren ohiko jolas-garapena desberdinak direla erabat. Haur autista askok jostailuak erabiltzen ditu, baina "benetan etekinik atera gabe", sentsazio hutsak bilatzeko manipulatzen ditu edo jolasa estereotipia bihurtzen. Sarritan, objektuak eta jolasak manipulatu besterik ez ditu egiten; ez da aritzen bestelakoetan, hau da, errealitatea imitatu eta iharduera sinbolikoagoetara iristeko sormena eta irudimena eskatzen duten jolasetan. Dena dela, haur horietako askok, hezkuntzaren bidez eta "jolasean irakatsiz gero", aurrera egin dezake eta jolasen antzeko ihardueretan parte hartu, benetako objektuak edo miniaturako jostailuak erabiliz. Halakoetan ere, ordea, alterazioak ikusiko dira: sortu dezaketen jolas-kopurua mugatu egiten da, etengabe errepikatzen dituzte eta zailtasunak izaten dituzte fantasian oinarritutako jolas konplexuagoei ekiteko. Era berean, ez dute ia besteekin batera iharduerak burutzeko interesik erakusten, eta zailtasun handiak dituztegainerakoen pentsaerak, interesak eta emozioak ulertzeko.

Alterazioak gizarte-elkarreraginaren garapenean

Besteen afektuarekiko eta kontaktu fisikoarekiko isolamendu, axolagabetasun edo abertsio handia izaten dute agerpenik larriena. Baliteke haurrak norbaitengana jotzea premia soil batzuek betetzeko, eta agian, kili-kili edo mugimendu-jolasak egiten disfrutatu egingo du, baina ia ez zaio kontaktu bisualik antzemango eta oso lotura urria garatuko du. Beste batzuetan, gainerakoen hurbilketak pasibotasunez onartzen dituzte, baina ez dute inoiz harremanik hasten eta zailtasunak dituzte gainerakoei edozein interesen berri emateko. Beraz, ezin dute imitazioan eta elkarrekikotasunean oinarritutako harreman arruntik garatu. Haur batzuek badira talde-ihardueretan partaide izateko gai eta ekiten diote besteekiko elkarrekikotasunari, baina berezia eta errepikakorra izaten da elkarrekikotasun hori. Ez dute besteen erantzunenganako interesik erakusten eta zaila egiten zaie gizarte-elkarreragin konbentzionalak nola arautzen diren ulertzea.
Hemen usten dizkizuet 3 video hauek. Oso ondo daude eta autismoak dituen ezaugarri garrantzitsuak azaltzen dizkigu. Gainera, pertsona ezberdinen kasuak ere ikusteko aukera daukagu:

www.youtube.com/watch?v=WPji7Wxdw

http://www.youtube.com/watch?v=J-idXpWyR30&feature=related

http://www.youtube.com/watch?v=EzS9TTFJ8BQ&feature=related

sábado, 29 de noviembre de 2008

Nolakoak dira haur autistak?

Lehen autismo-agerpenak hiru urte bete baino lehen hasten dira beti, baina lehen urtearen aurretik ez dira oso nabarmenak izaten. Honakoak dira autismo arazodun haurrengan ikusten diren ezaugarririk nagusienak: oso pasiboak izaten dira, ez dute ingurunearekiko inolako harremanik garatzen eta inguruan dituzten pertsonenganako eta gauzetarako sentiberatasun txikia agertzen dute. Hori dela eta, zenbaitetan gurasoek semea edo alaba gorra dela pentsatzen dute, esaten dizkioten soinuei eta hitzei ez baitie erantzuten.

Haur horien defizitak ez dira lengoaiaren ohiko garapen-jarraipidearekiko atzerapenak edo desbideratzeak, lengoaia garatzen hasi baino lehenagoko oinarrizko komunikazio-trebetasunen alterazio larriak baizik. Kasu horietan hitzezkoa ez den komunikazioaren alderdi zabalagoek egiten dute huts, hala nola, komunikatzeko asmorik ezak, interesen bat besteei adierazteko gaitasunak eta gizarte-ingurunea eta inguruan dituztenen interesak, nahiak eta emozioak ulertzeko zailtasunak. Alderdi horiek guztiak, komunikazio-estrategia goiztiarrak eta hitzezko lengoaia garatzen hasi aurrekoak direnak, haur-garapenaren hasiera-hasieratik daude alteratuta. Hona hemen zenbait adibide:

• Lehen hilabeteetako garapenean ezaugarri izan ohi diren aurre-hartze jarraipideak ez dituzte hartzen, ezta haurtxoengan ohikoak diren gizarte onarpen eta atxikimendu motak ere (adibidez, norbaitek hartu behar dituenean besoak altxatzea).

• Haurraren ekintzak gero eta mugatuagoak eta zorrotzagoak bilakatzen dira. Ez dute gauzak aztertzeko jakinminik izaten, hori izaki lehen urteko azken hiruhilekotik aurrera haurren jokabidearen berezitasuna.

• Bestalde, deien eta eskarien bidez garatzen diren intentziozko komunikaziojokabideak
alteratuta egoten dira erabat edo ez dira gertatzen. Horrela, garapenerako berebiziko garrantzia duten zenbait jokabide funtzional, hala nola, jolasean egiteko eta imitatzeko jarraipideak eta komunikazio-keinuen eta ahoskapenen erabilera, ez dira lortzen edo galdu egiten dira gutxinakagutxinaka.

• Aurreko sintomekin batera, hainbatetan, haur autistarentzat eta inguruan dituenentzat oso asaldatzaileak izaten diren bestelako alterazioak ere agertzen dira: jateko arazoak, lo-falta, kitzikaberatasun ulertezina eta kontrolakaitza, pertsona eta leku ezezagunen beldur izatea etab.

Hitz gutxitan esateko, haur autistengan alterazio eta jokaera jakin batzuek batera agertzen dira:
• Alterazioak gizarte-elkarreraginaren garapenean.
• Irudimen-alterazioak.
• Komunikazio-alterazioak.
Kaixo!
Blog honetan autismoak hezkuntzan hartzen duen garrantziari buruz idatziko dut. Beraz, haur autisten ezaugarri asko, laguntza bereziei buruz eta abar irakurtzeko aukera izango duzue. Espero dut gustokoa izatea!