Lehen autismo-agerpenak hiru urte bete baino lehen hasten dira beti, baina lehen urtearen aurretik ez dira oso nabarmenak izaten. Honakoak dira autismo arazodun haurrengan ikusten diren ezaugarririk nagusienak: oso pasiboak izaten dira, ez dute ingurunearekiko inolako harremanik garatzen eta inguruan dituzten pertsonenganako eta gauzetarako sentiberatasun txikia agertzen dute. Hori dela eta, zenbaitetan gurasoek semea edo alaba gorra dela pentsatzen dute, esaten dizkioten soinuei eta hitzei ez baitie erantzuten.
Haur horien defizitak ez dira lengoaiaren ohiko garapen-jarraipidearekiko atzerapenak edo desbideratzeak, lengoaia garatzen hasi baino lehenagoko oinarrizko komunikazio-trebetasunen alterazio larriak baizik. Kasu horietan hitzezkoa ez den komunikazioaren alderdi zabalagoek egiten dute huts, hala nola, komunikatzeko asmorik ezak, interesen bat besteei adierazteko gaitasunak eta gizarte-ingurunea eta inguruan dituztenen interesak, nahiak eta emozioak ulertzeko zailtasunak. Alderdi horiek guztiak, komunikazio-estrategia goiztiarrak eta hitzezko lengoaia garatzen hasi aurrekoak direnak, haur-garapenaren hasiera-hasieratik daude alteratuta. Hona hemen zenbait adibide:
• Lehen hilabeteetako garapenean ezaugarri izan ohi diren aurre-hartze jarraipideak ez dituzte hartzen, ezta haurtxoengan ohikoak diren gizarte onarpen eta atxikimendu motak ere (adibidez, norbaitek hartu behar dituenean besoak altxatzea).
• Haurraren ekintzak gero eta mugatuagoak eta zorrotzagoak bilakatzen dira. Ez dute gauzak aztertzeko jakinminik izaten, hori izaki lehen urteko azken hiruhilekotik aurrera haurren jokabidearen berezitasuna.
• Bestalde, deien eta eskarien bidez garatzen diren intentziozko komunikaziojokabideak
alteratuta egoten dira erabat edo ez dira gertatzen. Horrela, garapenerako berebiziko garrantzia duten zenbait jokabide funtzional, hala nola, jolasean egiteko eta imitatzeko jarraipideak eta komunikazio-keinuen eta ahoskapenen erabilera, ez dira lortzen edo galdu egiten dira gutxinakagutxinaka.
• Aurreko sintomekin batera, hainbatetan, haur autistarentzat eta inguruan dituenentzat oso asaldatzaileak izaten diren bestelako alterazioak ere agertzen dira: jateko arazoak, lo-falta, kitzikaberatasun ulertezina eta kontrolakaitza, pertsona eta leku ezezagunen beldur izatea etab.
Hitz gutxitan esateko, haur autistengan alterazio eta jokaera jakin batzuek batera agertzen dira:
• Alterazioak gizarte-elkarreraginaren garapenean.
• Irudimen-alterazioak.
• Irudimen-alterazioak.
• Komunikazio-alterazioak.
No hay comentarios:
Publicar un comentario