domingo, 14 de diciembre de 2008

Komunikazio-alterazioak

Aurrerago aipatu dugunez, haur autistek, oro har, hitzezko lengoaian nahiz hitzezkoa ez den lengoaian komunikazio-narriadura kualitatiboa agertzen dute.Haur txikien komunikazio-garapenaren jarraipideak kontuan hartuz gero, aurreko kapituluan aipatu dugunez, hitzezkoa ez den komunikazioa txili-txikitatik dago alteratuta. Ondorengo alterazioak ikusten dira:
Komunikatzeko asmoa. Orokorrean, ez dute izaten komunikatzeko interesik eta ezta besteek hasitako ekintzei erantzuna ematekorik ere. Haurrak komunikazioari ekiteko edo eusteko interesa duela jakinaraziko diguten adierazleak oso gutxitan ikusiko dira, eta ez dira gainera hitzezkoak izando (aurpegiaren espresioa, keinuak...).
Komunikazio-keinuen erabilera funtzionala. Komunikazio-nahaste larridun ikasleek alterazioak dituzte seinalatzerakoan, zerbait lortzeko eskutik heltzerakoan eta antzeko komunikazio-keinuen bidez zerbait ulertarazi nahi dutenean. Nahastea oso larria izanez gero, ez dute inolako keinurik egiten edo, eginez gero, testuinguru desegokietan eta lortu nahi duten komunikaziohelburuaz bat ez datozela burutzen dituzte.
Begiradaren erabilera eta kontaktu bisuala, edonolako komunikazio-ekintzatan garrantzia handikoa izaki, dugu alteratutako beste alderdi bat. Zaila egiten zaie komunikaziokideari begira-begira egotea, ez dute aurrez-aurre begiratu nahi izaten eta urrunera begiratzen dute. Ez dute komunikazioari ekiteko aukerarik ematen, eta norbaitek zerbaiti arretarik txikiena ere jartzea galeraziegiten dute.Hitzezko lengoaia lantzera iritsi diren haurrek beranduago garatzen dituzte, oro har, bai hitzezko lengoaia eta baita lengoaiaren alderdi funtzionalak eta pragmatikoak ere. Hau da, lengoaiaren ulermena eta erabilera alteratuta egoten dira harreman-testuinguruaren baitan. Behar besteko mintzamen-gaitasuna dutenean, honakoak izaten dituzte ezaugarri: ekolalia edo besteek esaten dutena oihartzun gisa errepikatzea, izenordeak aldatzea edo nahastea eta hitzak, esaerak edo elkarrizketak errepikatzea.

No hay comentarios: