viernes, 2 de enero de 2009

Metodologi eta antolamenduzko inplikazio orokorrak


Haurtzaroan komunikazioa garatzeko estrategia orokorrak dira haur autisten hezkuntza-interbentzioa bideratzeko egokienak. Hona hemen laburbilduta:
-Haur-hezkuntzan haurren ekimena, automia eta inplikazio aktiboa sustatzearen alde egiten da, ezagutzak beregana ditzaten. Ekintzen eta jolasen bidez eta inguruan duten munduaren zuzeneko manipulazioaren eta araketaren bidez ikasten dute haurrek.
- Haurrek badakite egiten eta ezagutzen. Horrek behar du izan hezkuntzainterbentzioaren abiapuntua, horrela hezitzaileek benetan “entzun” eta aurretiazko ideiak kontuan hartuko baitituzte ikaskuntza berriei ekin baino lehen.
-Haur bakoitza gelako curriculumaren arabera zertan den jakin behar da: zer ezagutzen eta dakien ondo, zein trebetasun dituen finkatzeke eta zer nolako languntza zehatzak behar dituen ikaskuntzarako.
-Proposatuko zaizkien zeregin eta iharduerek nolabaiteko zentzua izan behar dute haurrentzat, interesa piztu behar die eta beraien jakinminari erantzun.
-Gela gizarteratzeko lekua da, haurrik gehienek bertan finkatzen baitituzte familiaz kanpoko harremanak. Helduek komunikazioa garatzen lagundu behar diete, baina gainerako haurrak ere behar-beharrezkoak dira helburu hori lortzeko. Beraz, harremanen arloa arreta handiz zaindu behar da, irakasleen interbentzioaren helburu nagusietakoa behar duelarik izan.
-Gelako giroa eta antolamendua ikasle guztien ezaugarriei egokitu behar zaie. Beraz, guztiak ondo hartuko dituen ingurunea eta berdinen arteko lankidetza nagusi izango dituen giroa sortzea da irakasleen zeregina.
Estrategia orokor horiek dira haur autisten hezkuntza-interbentzioaren abiapuntua. Dena dela, irakasle-taldeak baloratu beharko du zer nolako egokitzapenak egin behar diren haur horiek komunikazioaren esparruandituzten premia bereziei erantzuteko. Ondorengo alderdiak hartu behar dira nagusiki kontuan:
1. Garapen-maila ezagutzea. Komunikazio-nahasteak dituen haur bakoitzaren garapen-maila ezagutu behar da, irakasleari ikaskuntzen plangintzaren inguruan erabaki egokiak hartzeko lagungarri izango baitzaio.
• Beharrezkoa da ikasleak zein komunikazio-gaitasun eta estrategia erabiltzen duen ebaluatzea: nola komunikatzen den, norekin, noiz etab. ikustea. Komunikazio-gaitasunak ebaluatzerakoan garrantzitsua da haurra ingurune anitzetan, hainbat pertsonarekin, objekturekin eta ikaskiderekin dagoela behaketak egitea.
• Ikaslea zer egiteko gai den eta zer ezin duen egin aztertuko da, nola lagun diezaiokegun ikusteko.
• Profesionalak, haurrak uler diezaion, nola eta zenbateko konplexutasunez komunikatu behar duen jakitea.
• Iharduerak eta emango zaion informazioa eboluzio-uneari egokitzea.
• ikaslea zer egiteko gai da
• zer nolako laguntzak behar ditu horretarako

2. Antolamendua, metodologia eta iharduerak. Haur-eskolan egin ohi direnak oso egokiak dira elkarreraginarekin, gizarte-ulermenarekin eta ingurunearekiko harremanekin zerikusia duten alderdiak garatzeko, hau da, komunikazioa zentzu zabalean garatzeko. Haur bakoitzaren mailari begira egin beharreko egokitzapenak gelaren antolamenduaren baldintzapean egongo dira. Haur autistak edo garapenaren nahaste orokorturen bat edukitzeagatik Komunikazioaren esparruan arazoak erakusten dituzten haurrak daudenean, gelaren, ihardueren eta ikasleen antolamenduak hainbat estrategia jakin garatzeko egokia behar du izan. Estrategia horien helburua ikasleak inguruneaz komunikatzea, inguruneko informazioak ulertzea eta barneko gogo-aldarteak eta oinarrizko premiak adieraztea izango da. Espazioak behar bezala ordenatzea, eguneko ihardueretan iraunkorra izatea, ikasleen arteko elkarreragina etab. ikasle guztien onerako izango dira, baina batik bat, haur autistei egingo die mesede. Horretarako, bereziki haur autistei dagokienez, garrantzia handikoa da:

• Gelako espazioan egokitzapenak egitea. Iharduera jakin batzuek lantzeko guneak ezarriko dira, iharduera-txokoak osatuko dituztenak.
• Gelako eta ikastetxeko gune bakoitzean erabiltzen diren materialak erraz eskuratzeko moduan ordenatzea. Une eta gune bakoitzean burutzen ari diren ihardueren berri emango dien adierazleak ere erabil daitezke, zer egin behar duten jakingo baitute horrela. Horiek guztiak autismoaz oso bestelako zailtasunak dituzten ikasleentzat ere lagungarri izango dira.
• Ikusizko gakoak ere baliagarriak izaten dira haur autistentzat bai gizarteulermenerako, bai bere kasa moldatu ahal izateko eta baita ikaskideek horietako haurren batek erabiltzen dituen keinuak gogoan hartu eta erabil ditzaten ere. Ikusizko gakoetan, egun edo aste jakin batean zein iharduera burutuko den adieraz daiteke. Haur guztiek, gainera, parte-hartze aktiboa izan dezakete, batik bat garatu ohi den egitasmoaren inguruan aldez aurretik aldaketak sortuz gero. Honako ikusizko gakoak erabil daitezke:
-Benetako objektuak eta horien argazkiak
-Piktogramak, marrazkiak edo sinboloak
-Iharduera-txartelak, agendak etab.
• Gelako zenbait une distrakzio-elementu asko ez dituztela egokitzea, bertan arreta-defizita duten ikasleak errazago konzentra daitezen.
• Ikasle autista askok iharduera-bitarteetan moldatzeko arazoak izaten ditu. Beraz, gelako gune bat tarteetarako txokotzat egokitu daiteke, hurrengo talde-iharduera arte bertan zain egon daitezen, eta/edo iharduera batzuek ere proposatuko zaizkie bat aukera dezaten.

Haur-Hezkuntzako geletan ohiko lan egiteko moduaz, premia guztiei erantzutea eta haur bakoitzari ikasteko behar duen laguntza ematea ahalbidetzen da. Haur-gelako dinamikaren baitan, talde barruan arreta indibidualizatua eskainiz eman daitezke banakako laguntzak, eta baita taldehandietarako ihardueretan egokitzapenak eginez ere. Haur autistekin metodo aktiboak erabiliz gero, taldetxo heterogeneoetan lan egiten ari direla lankidetza-ereduak gara daitezke. Gela elkarreragina sustatzeko moduan antolatuko da, eta irakasleak beharrezkoa denean besterik ez du parte hartuko.
Gela-proposamena egiterakoan, ondorengoak ikusi behar dira: zein elkarreragin-era erabili behar den, hau da, indibiduala, talde txikikoa edo talde handikoa, zein egokitzapen-mota egin behar den eta zer nolako laguntza edo arreta mota eskatzen duen ikasleak aurreko hiru taldekatzeetan. Irakaskuntza eta ikaskuntza ihardueretan, ikastetxeko ingurune ugari erabili beharko da, ahalik eta partaidetza handiena lortzeko. Hona hemen kontuan hartu beharreko zenbait aholku, haur autistekgainerako haur eta helduekiko harremanak hobe ditzaten:
-Talde txikiak egitea
- Ihardueren araberako taldekatze malguak egitea.
-Ikaskideei harreman-jarraipideak proposatzea. Gelan giro egokia ortu behar da, ikasleek elkarren arteko desberdintasunak zagutuz, ulertuz eta errespetatuz, adiskidetasuna eta elkarlaguntza uspertu daitezen.
-Ba irakasleengan bai ikasleengan iraunkortasuna bilatzea. Iraunkortasun horren ondorioz, hobeto ezagutuko dute elkar eta harremanak sustatu egingo dira.

3. Ikastetxean parte hartzen dutenen elkarlana. Tutoreak ezezik, ikastetxeetan badira hezkuntza-laguntza lanak burutzen dituzten bestelako profesional ere: aholkularia, laguntzaileak, laguntza-irakasleak... Profesional horiek ahalmen guztiak erabiltzen dituzte ikasleen, eta bereziki zailtasunik handienak dituztenen, oinarrizko gaitasunak garatuko dituzten baldintzak suspertu, indartu eta sortzeko. Komunikazio arazoak dituzten haurrak daudenean, profesional horiek guztiak haurraren eta ingurunearen arteko bitartekari lanetan aritzen dira. Gizarteratze eta ikaskuntza-premiei erantzuna ematen saiatzen dira, eta horretarako, espazioak eta denborak egituratu eta haur bakoitzaren ulermen-mailari eta elkarreragin-estiloari hurbildu eta egokituko zaizkien iharduerak proposatzen dituzte.

Gelan banaka nahiz talde handietan burutzen diren ihardueretan, tutorea da hezkuntza-zeregina planifikatu eta aurrera eramateko arduradun nagusia. Komunikazio-nahaste larriren bat duten haur guztiek ez dute etengabe laguntzaile, laguntza-irakasle edo aholkulariren bat behar. Dena den, gehienetan, haurrek behar dituzten baliabideei buruzko balorazioa egin ondoren, zenbaitetan tutoreaz besteko profesionalen baten elkarlana eta laguntza izan dezatela erabakitzen da, hau da, laguntzaile, aholkulari, laguntzairakasle edo bestelakoena.
Honakoak dira komunikazioaren esparruan laguntzen duten langileen egitekoak:
-Haurraren aldamenean egotea, taldeko gainerako haurrekiko elkarreragina bultzatzeko.
-Dinamizatzea eta bitartekari lanak egitea, haurrak proposatutako zeregina egin ahal dezan. Horretarako, inguruan zer gertatzen den ulertarazi eta ahalik eta autonomiarik handiena emango zaio.
- Behatzea, aztertzea eta ebaluatzea. Ondoren, gainontzeko profesionalekin batera, egoera guztietarako iharduera egokiak planifikatuko dira: talde handikoak, txikikoak, txokoak, indibidualak...
- Laguntza zehatzak ematea, bai fisikoak eta baita kognitibo eta afektiboak ere, bai zereginak edo ikaskuntza gauzatzeko eta baitahorien asimilazio-prozesurako ere.

Pedagogi inplikazioak komunikazioaren garapenean


Haurtzaroko Oinarrizko Curriculum-Diseinuak (OCD) iharduera-oinarri eta metodologi estrategia orokor batzuek proposatzen ditu. Abiapuntu baliagarria da benetan, aztergai dugun arazoaren komunikazio-alderdiak garatzeko: haur autisten edo bestelako garapenaren nahaste orokortuak dituztenenak, hain zuzen. Haurtzaroko OCD hiru esparrutan dago antolatuta. Komunikazioak eta Irudikapenak osatzen dute lehenengoa eta komunikazio-alderdi guztiak hartzea du helburu, bai hitzezko lengoaiari lotutakoak eta baita hitzezkoak ez diren bestelako komunikazio-erak ere. Hainbeste adierazpen-era sartzen dira esparru horren baitan, hala nola, gorputz-lengoaia, keinuen bidezkoa, hitzezkoa, musika bidezko adierazpena, gorputz-komunikazioa, adierazpen artistikoa, ikusmen bidezko komunikazioa etab. Norbanakoaren eta ingurunearen arteko harremanak hobetzen laguntzea du esparru honek helburu. Hainbat komunikazio-era, keinu, hitz... erabiliz, haurtzaroan zehar komunikazioaren eta harremanen arloko trebetasunak garatu nahi ditugu.
Haurtzaroan, ikuspegi zabal batetik bideratzen da Komunikazioaren esparrua, ezin baitiegu hitzezko komunikazioari eta emaitzei bakarrik begiratu, komunikazioa gauzatzen den prozesu guztia hartu behar da eta kontuan. Haurrak keinuen, begiraden edo hitzen bidez komunikatzen direnean, komunikaziokide baten edo batzuen arteko komunikazio-elkarreraginen eremuan gauzatzen da komunikazioa, eta lengoaiaz kanpoko testuinguru edo errealitate jakin batean da sortzen. Komunikazio-prozesu guztietan ondorengo funtsezko osagaiak hartzen dute parte:

-Komunikaziokideak edo gure mezuaren hartzaileak.
-Egoerak, une jakin batean (iraganean, orainaldian edo etorkizunean) eta leku zehatz batean (hemen, hurbil, urruti...) egokitzen direnak.
-Pentsaera-prozesua edo komunikazioaren edukina lantzea.
-Komunikazioaren helburua edo komunikazio-mezua besteari helarazteko asmoa.
Haur autistek edo bestelako garapenaren nahaste orokortuak dituztenek bai prozesuan edo gainerakoei zerbait komunikatzeko asmoan bai azken emaitzean alterazioak dituztela kontuan hartuta, garapen pertsonalerako eta gizarteelkarreraginerako aukerak eskainiko dizkien komunikazio-estrategien garapena areagotu egin behar da. Ondoren, helburu horiek lortzen lagunduko diguten metodologi eta antolamenduzko inplikazio orokor batzuek aipatuko ditugu.

domingo, 14 de diciembre de 2008

Zein izan daiteke eskola-erantzuna?

Haur autistek gainontzeko haur txiki guztien oinarrizko premia berberak dituzte, baina badituzte beste hezkuntza-premia berezi batzuek ere. Hau da, beraien hezkuntza-egoerari zenbait egokitzapen egin behar zaizkio ikaskuntza eta gainerakoekiko gizarte-harremanak bultzatzeko. Haur autisten zailtasunik nagusienak komunikazioaren eta gizarteulermenaren esparruan daude kokatuta, hau da, zaila egiten zaie gainerakoen mundua ulertzea. Ildo honetan, hainbat estrategia garatu behar da nahitaez, batzuek espezifikoak eta beste batzuek gainerako ikasleekin ere orokorrean erabiltzeko modukoak. Horrela, komunikazioa eta ingurunearen ulermena ahalik gehien suspertuko dira.

Komunikazio-alterazioak

Aurrerago aipatu dugunez, haur autistek, oro har, hitzezko lengoaian nahiz hitzezkoa ez den lengoaian komunikazio-narriadura kualitatiboa agertzen dute.Haur txikien komunikazio-garapenaren jarraipideak kontuan hartuz gero, aurreko kapituluan aipatu dugunez, hitzezkoa ez den komunikazioa txili-txikitatik dago alteratuta. Ondorengo alterazioak ikusten dira:
• Komunikatzeko asmoa. Orokorrean, ez dute izaten komunikatzeko interesik eta ezta besteek hasitako ekintzei erantzuna ematekorik ere. Haurrak komunikazioari ekiteko edo eusteko interesa duela jakinaraziko diguten adierazleak oso gutxitan ikusiko dira, eta ez dira gainera hitzezkoak izando (aurpegiaren espresioa, keinuak...).
• Komunikazio-keinuen erabilera funtzionala. Komunikazio-nahaste larridun ikasleek alterazioak dituzte seinalatzerakoan, zerbait lortzeko eskutik heltzerakoan eta antzeko komunikazio-keinuen bidez zerbait ulertarazi nahi dutenean. Nahastea oso larria izanez gero, ez dute inolako keinurik egiten edo, eginez gero, testuinguru desegokietan eta lortu nahi duten komunikaziohelburuaz bat ez datozela burutzen dituzte.
• Begiradaren erabilera eta kontaktu bisuala, edonolako komunikazio-ekintzatan garrantzia handikoa izaki, dugu alteratutako beste alderdi bat. Zaila egiten zaie komunikaziokideari begira-begira egotea, ez dute aurrez-aurre begiratu nahi izaten eta urrunera begiratzen dute. Ez dute komunikazioari ekiteko aukerarik ematen, eta norbaitek zerbaiti arretarik txikiena ere jartzea galeraziegiten dute.Hitzezko lengoaia lantzera iritsi diren haurrek beranduago garatzen dituzte, oro har, bai hitzezko lengoaia eta baita lengoaiaren alderdi funtzionalak eta pragmatikoak ere. Hau da, lengoaiaren ulermena eta erabilera alteratuta egoten dira harreman-testuinguruaren baitan. Behar besteko mintzamen-gaitasuna dutenean, honakoak izaten dituzte ezaugarri: ekolalia edo besteek esaten dutena oihartzun gisa errepikatzea, izenordeak aldatzea edo nahastea eta hitzak, esaerak edo elkarrizketak errepikatzea.

lunes, 8 de diciembre de 2008

Irudimen-alterazioak

Haur autisten edo bestelako garapenaren nahasteak dituztenen irudimengaitasuna narriatu egiten da, horien iharduera-eredua eta adin bereko haurren ohiko jolas-garapena desberdinak direla erabat. Haur autista askok jostailuak erabiltzen ditu, baina "benetan etekinik atera gabe", sentsazio hutsak bilatzeko manipulatzen ditu edo jolasa estereotipia bihurtzen. Sarritan, objektuak eta jolasak manipulatu besterik ez ditu egiten; ez da aritzen bestelakoetan, hau da, errealitatea imitatu eta iharduera sinbolikoagoetara iristeko sormena eta irudimena eskatzen duten jolasetan. Dena dela, haur horietako askok, hezkuntzaren bidez eta "jolasean irakatsiz gero", aurrera egin dezake eta jolasen antzeko ihardueretan parte hartu, benetako objektuak edo miniaturako jostailuak erabiliz. Halakoetan ere, ordea, alterazioak ikusiko dira: sortu dezaketen jolas-kopurua mugatu egiten da, etengabe errepikatzen dituzte eta zailtasunak izaten dituzte fantasian oinarritutako jolas konplexuagoei ekiteko. Era berean, ez dute ia besteekin batera iharduerak burutzeko interesik erakusten, eta zailtasun handiak dituztegainerakoen pentsaerak, interesak eta emozioak ulertzeko.

Alterazioak gizarte-elkarreraginaren garapenean

Besteen afektuarekiko eta kontaktu fisikoarekiko isolamendu, axolagabetasun edo abertsio handia izaten dute agerpenik larriena. Baliteke haurrak norbaitengana jotzea premia soil batzuek betetzeko, eta agian, kili-kili edo mugimendu-jolasak egiten disfrutatu egingo du, baina ia ez zaio kontaktu bisualik antzemango eta oso lotura urria garatuko du. Beste batzuetan, gainerakoen hurbilketak pasibotasunez onartzen dituzte, baina ez dute inoiz harremanik hasten eta zailtasunak dituzte gainerakoei edozein interesen berri emateko. Beraz, ezin dute imitazioan eta elkarrekikotasunean oinarritutako harreman arruntik garatu. Haur batzuek badira talde-ihardueretan partaide izateko gai eta ekiten diote besteekiko elkarrekikotasunari, baina berezia eta errepikakorra izaten da elkarrekikotasun hori. Ez dute besteen erantzunenganako interesik erakusten eta zaila egiten zaie gizarte-elkarreragin konbentzionalak nola arautzen diren ulertzea.
Hemen usten dizkizuet 3 video hauek. Oso ondo daude eta autismoak dituen ezaugarri garrantzitsuak azaltzen dizkigu. Gainera, pertsona ezberdinen kasuak ere ikusteko aukera daukagu:

www.youtube.com/watch?v=WPji7Wxdw

http://www.youtube.com/watch?v=J-idXpWyR30&feature=related

http://www.youtube.com/watch?v=EzS9TTFJ8BQ&feature=related